zumaia – Alternatiba ezberdinak aztertu ondoren haurreskola berria Herri Eskolako Aita Mari eraikinean bertan egitea hobetsi dute Zumaiako Udalak eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Alde batetik, azpiegitura aldetik posible delako eta bestetik, gurasoei begira adin ezberdinetako seme-alabak eraikin berdinean izatea abantaila dela iri-tzi dutelako. Obra horrekin gainera, sukalde eta jantoki berria egiteko ere aprobetxatuko da.
Hala, sukalde berriarekin, janaria bertan prestatu ahal izango da. Iñaki Ostolaza alkateak azaldu zuenez, gaur egun kanpotik prestatuta ekartzen dute janaria Zumaiako Herri Eskolara. Horrela jarraitu edo aldatzearen erabakia Guraso Elkarteari dagokio, baina "ikusita gero eta leku gehiagotan janaria bertan prestatzen hasi direla, helburua da horretarako beharrezko azpiegitura bermatuta uztea". Hori horrela, egunen batean Guraso Elkarteak jantokiko zerbitzuan aldaketak egin nahiko balitu, prest izango lituzke horretarako baldintzak dituen sukaldea.
Kontuak kontu, "aurrerapauso garrantzitsua" dela nabarmendu zuten Udaletik. Etorkizunean pauso gehiago emateko oinarriak jartzen dituela uste dute. Bestelako beharrak ere txertatuko dituzte espazioaren berrantolaketan: irakasle gelan eta zuzendaritzaren gelan irakasle taldeak eskatutako aldaketak.
Behin instalazio berria Aita Mari eraikinean egingo dutela erabakita, bi aldeak, hezkuntza komunitatearekin batera, espazioen banaketaren inguruko lanketa egiten ari dira.
kalitatezko hezkuntza publikoa Akordio honekin eta pasa den urtean hitzartutako DBHko eraikin berriarekin Zumaian zero urtetik 18 urtera arteko "kalitatezko hezkuntza" publikoa bermatzeko azpiegiturak egokituko dira espazio berean, Aita Mari-Sagarbide espazioan, alegia. Horregatik, Zumaiari begira "estrategikotzat" jo dute lortutakoa.
DBHko eraikinaren obrak 2022ko udaberrian hastea aurreikusten du Hezkuntza Sailak. Handitzeko eraikin berriak bi bolumen bereiziko ditu. Horietako batek irakaskuntza-erabilerako espazioak hartuko ditu (ikasgelak, tailerrak, irakasleen gela...); bigarrenak, berriz –besteari atxikia baina bisualki bereizia–, gimnasioa hartuko du (480 metro kuadrokoa), aldagelak, komunak eta biltegia dituena. Gimnasioa lursailaren hegoaldeko muturrean kokatuko da, Sagarbidea kale aldera. Horrela, trafikoak aipaturiko kalean sortzen duen zarata xurgatuko du bolumen honek, eta irakaskuntza eremua berdegunez, oinezkoentzako gunez eta jolastokiz inguratuta geratuko da.