Ate-joka dabil Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da aurten eta Zumaian programa atera berri dute bertan burutuko diren ekitaldiekin. Urte honetarako Hitzez ekiteko garaia leloa aukeratu dute. Ostiral honetan bertan hasiko dira lehen bi ekitaldiak.
Aitzuri pilotalekuaren aurrean Eireren kontzertua egongo da eta Astindu dantza taldearen koreografia ere egingo dute arratsaldeko 18.00etatik aurrera. Ondoren, Aita Mari zineman antzerkia egingo dute 20.00etan.
Euskaraldiaren bezperan, azaroaren 17an, bigarren ekitaldia egingo dute arratsaldeko 19.00etan kofradian. Bertan, Esti Curielek bakarrizketa bat eskainiko du. Musika pixkat bizitzai taldearen kontzertua egongo da baita ere eta, berriz ere, Astindu dantza taldearen koreografia egingo dute eta amaitzeko Irati Arakistain egongo da bertsotan.
Euskaraldiko txapak jasotzeko azken eguna izango da eta bertan jarriko duten mahaian egongo dira ekitaldia burutzen den tokian 17.00etatik 19.00etara.
Hurrengo ekitaldia azaroaren 24an izango da, osteguna. Egun horretan Jon Maia bertsolariak gidatutako solasaldiak egongo dira arratsaldeko 19.00etatik aurrera Aita Mari zinema aretoan. Solasaldian Arri Granados, Telmo Irureta, Helene Alberdi eta Irina Tichtchenko egongo dira. Hor, euskararen inguruko hausnarketak egingo dituzte.
Azken bigarren ekitaldia abenduaren lehen egunean izango da, ostegunean. Egun horretan Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketa egingo dute arratsaldeko 19.00etan Oxford aretoan. Deñe Garciaren eskutik Kantaldia egongo da baita ere.
Abenduaren 2an egingo dute azken ekitaldia, Euskaraldiaren azken egunarekin batera. Bertso afaria egongo da Kupela jatetxean 21.00etatik aurrera eta Andoni Egaña eta Oihana Iguaran arituko dira afaria alaitzen bertsoak kantatzen dituen bitartean.
Peru Tolosa Zumaiako Euskaraldiko dinamizatzailea da eta bere esanetan, “eduki aldetik oso oparoa da egin dugun programa eta jende gehienari iristeko helburuarekin egin dugu. Aste bat bakarrik falta da hasteko eta jende guztia animatzen dut parte hartzera”.