Gipuzkoa

Zumaiako Haurren Kontseiluan erreleboa egin dute

9 eta 11 urte bitarteko 14 lagunez osatutako taldea da, alkateari proposamenak eta aholkuak ematen dizkiete
Zumaiako Haur Kontseilu berria udaletxean.

Zumaiako Haurren Kontseiluaren erreleboa egin zen aurreko astean. Udalerriko alkate-tzaren aholkulari organo izaera duen haur taldea da.

Bederatzi eta hamaika urte bitarteko Zumaiako hamalau lagunez osatutako taldea da, alkateari haren proposamenak eta aholkuak ematen dizkiona. Hilabetero elkartzen dira partaideak eta urtean behin alkatearekin biltzen dira. Tokiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegia ematen die alkatetzari, pertsona helduei herrian egon daitezkeen arazoei buruzko aholkuak eta proposamenak emanez.

Urtero zaharrenek kontseilua uztea adostu zuten iaz. Orain eman dute lehenengo erreleboa. 6. mailakoek 4. mailakoei eman diete erreleboa. Kideen gurasoak ere bertan egon ziren, bilgunearen nondik norakoen berri izan eta beharrezko baimenak emateko.

Aurreko urtean aisialdiaren inguruko azterketa eta gomendioak egin zituzten eta horrekin batera, Mariantongo parke berriaren ezaugarrien lanak egin zituzten. Alkateak azaldu zienez, proiektua osatzeko lanetan murgilduta daude dagoeneko eta aurten mugikortasuna eta haurren autonomia izango dituzte hizpide.

Etiquetas
10/10/2022