Zumaiako Inda Mendi elkarteak beste txango bat antolatu du igande honetarako: Zaraiako mendialdera joango dira, hain zuzen ere.
Urkulluko urtegitik (Aretxabaleta) Arantzazuko bailaran dagoen Araotzeraino joango dira elkartekoak. Guztira, 15 kilometroko ibilbidea egingo dute eta 1050 metroko desnibel metatua du.
Zumaiatik “nahiko gertu dagoenez”, goizeko irteera egiten saiatuko dira. Ibilbideak lehen mailako hiru gailur ditu: Elorreta, Aranguren eta Andarto (azken horretara denbora badago joango dira). Gainera, Kurtzebarri haraneko begiratokia eta Degurixa haran ezezaguna ere ikusteko aukera izango dute joaten direnek. Zaraia mendilerroa Urbiako zelaiek estaltzen dute, baina bitxi txikiz beteta dago. “Zoragarria da proposatzen dizuegun ibilbide hau”, adierazi dute elkartetik.
Joateko ez da beharrezkoa bazkide izatea eta izena ostirala baino lehenago eman behar da www.indamendimb.eus webgunean edo goiko estankoan (943 860 357). Autobusa 7.30ean irtengo da Txomin Agirreko geralekutik. Helduek 7 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek, aldiz, 5.