Gipuzkoa

Zumaiako merkatariekin bilera egingo da asteartean

Eskaintzaren, eskariaren eta kokapen espazialaren diagnosia egiten ari da Udala Plangintza Estrategikoa garatzeko
Zumaiako merkatariak Braderie egunean. | ARGAZKIA: PEDRO AMUNDARAIN

Zumaiako Udala herriko Merkataritza arloko Plangintza Estrategikoa garatzeko lanetan murgilduta dago une hauetan. Orain, lehen fasean dabiltza eta bertan, Zumaiako merkataritza arloko eskaintzaren, eskariaren eta kokapen espazialaren diagnosia egiten ari da.

Esandako azterketa hori egiteko, azken asteetan merkatariek galdetegi bat erantzun ahal izan dute. Orain, diagnosiaren garapenean identifikatutako puntu garrantzi-tsuenen kontrastea egiteko asmoarekin, Zumaiako merkatari eta zerbitzu enpresetako arduradunekin foku taldeko bilera bat egingo dute.

Sektorearentzako gakoak izan daitezkeen aspektuak mahai gainean jarri eta merkatarien ekarpenak jasoko dituzte bertan.

Hianbat gairen gaineko eztabaida sustatuko da, baita ere, galdetegian jasotako ideiak berresteko helburuarekin.

Gauzak horrela, jardunaldia datorren asteartean (abenduaren 20an) izango da arratsaldeko 15.00etan. Saioa ahalik eta hoberen prestatzeko asmoarekin, parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea aldez aurretik.

Horretarako, Zumaiako Udalaren webgunearen barruan (www.zumaia.eus) dagoen formularioa bete behar da abenduaren 20a baino lehenago. Web orrialdean sartzean Albisteak atalaren barruan (edo hasierako orrialdearen behekaldean) aurkitu daiteke bileraren albistea. Bertan sartuta, amaiera aldean Izena Eman botoian klikatu eta beste orrialde bat irekiko da Focus Group jardunaldian izena emateko aukerarekin.

Zumaiako Udalak merkatari ororen parte-hartzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta, era berean, eskerrak eman nahi dizkie prozesuan zehar ekarpena egiten ari diren pertsona guztiei.

17/12/2022