Zumaiako Olarro Eguna datorren larunbatean ospatuko da. Berriro ere, olagarroa, gastronomia eta itsas-munduak hartuko du Zumaia egun osoko festan.
Aurtengoa berezia izango da. Izan ere, Euskaraldiaren “entsegu orokorra” egiteko baliatuko dute. Olarro-brotxetak eta olarro zopa dastatzeko aukera izango da txosnetan, herri bazkaria eguerdian eta egun osoan zehar musika, dantza eta festa giroa izango dira nagusi.
Euskaraldiko talde koordinatzaileko kideak eta Astindu dantza elkarteko dantzariak eskuz esku aritu dira lanean Euskaraldiaren entsegu orokorra antolatzen. Herri bazkariko txartelak, kamisetak eta zapiak salgau daude jada turismo bulegoan. Txartelek 9 euro balio dute helduentzat eta 6 haurrentzat, Kamisetek 9 euro balio dute eta zapiek euro bat.
Aurtengoan ere duela hiru urte hartutako konpromisoa mantenduko dute eta txosnetan erabiliko diren ontzi eta tresna guztiak konpostagarriak izango dira. Haien esanetan, halako festa egunetan sortzen den hondakin kopurua murrizteko neurriak har-tzea beharrezkoa da eta baita sortzen direnean berziklagarriak edo konpostagarriak izatea. Horretarako, neurriak hartzearekin batera, herritarren kon-tzientziazioa sustatu nahi du Udalak.
Olarro Eguneko Programa
Gauzak horrela, goizean-goiz hasiko dira Olarro Eguneko ekitaldiak. Lehena, XVI. Argazki Rallya izango da. Izen-ematea egun bertan egingo da 9.00etatik 10.00etara Oxford aretoan. Helduen-tzat, (16 urtetik gora) 10 euroko prezioa izango du eta herri bazkarirako txartel bat oparituko zaie. Besteei Gertuko establezimenduetan gastatzeko 10 euroko txartel bana emango zaie sari banaketaren proiekzioaren ondoren.
Argazkiak 13.00etatik 14.00etara deskargatuko dira Oxforden eta nahi diren argazki guztiak atera ahal izango dira (bukaeran bost aukeratu beharko dira). Gaia momentuan jakinaraziko da eta sari banaketaren eguna iragartzeko dago. Lehenengoari 200 euroko balioa duen Gertu erosketa bonua eta garaikurra emango zaio. Bigarrenari 150 euroko bonoa, hirugarrenari 120 eurokoa eta lehen zumaiarrari 100 eurokoa.
10.00etan kuadrillen arteko batel estropada izango da eta 10.30tik 14.30ra Erribera kalean Elikagaien azoka egongo da. 11.00etatik 13.00etara Algorri interpretazio zentroan 6-10 urte bitarteko haurrentzat doako tailerrak egongo dira (izen ematea info@algorri.eus edo 943 143 100). Ordu berean, Eusebio Gurrutxaga plazan, olagarroarekin egindako sukaldaritza erakustaldia egingo dute eta goiz partean, olagarro zopa dastatzeko aukera izango da txosnetan.
13.00an Kalejira egongo da Zuttrik trikitilarien eskutik eta ondoren, 14.30ean herri bazkaria izango da Eusebio Gurrutxagan. 18.30ean Euskaraldiaren abestiaren koreografia herrikoia egingo da Astindu taldearekin. Beheko plazatik Amaiako plazara joango dira.
Arratsaldean olagarro brotxetak egongo dira txosnetan eta 19.30an The McKensy’s Clan Band txarangak herriko kaleak alaituko ditu. Amaitzeko, Dj Loti eta Dj Lujan arituko dira 22.00etan Beheko Plazan egongo den karpan.