Aste Santua ate joka dago eta mendizaleentzat aukera paregabea antolatu du Indamendi elkarteak. Arango Harana ezagutzera joango dira Zumaiatik, Kataluniako ipar-mendebaldean, Lleida probintziako Pirinioetan kokatua dagoen eskualdea.
Egitaraua hurrengoa izango da (aldaketak egon daitezke elurra edota eguraldiaren arabera): apirilaren 16an Zumaiatik irteera egingo dute, eta gau aldean iritsiko dira Casau herrira. Bertan igaroko dituzte hurrengo bost gauak. 17an, Tuck deth Rosari (2.607 m) mendira igotzeko asmoa dute Orri aparkalekutik. Baqueira Beret eski estaziotik abiatuko dira, eta nahi duenak aukera izango du tontorrera igo beharrean eskiatzen gelditzeko.
Apirilaren 18an, Espotetik irten eta Estanyde Sant Maurici eta Estany de Ratera ezagutuko dituzte. Hurrengo egunean, Lac de Rius bisitatuko dute, Hospital de Viellatik abiatuta eta apirilaren 20an, Montcorbison (2.173 m) mendira igotzea aurreikusten dute Casau herritik abiatuta. Autobusa behar ez denez, egun horretan ere nahi duenak eski estaziora joateko aukera izango du. Azkenik, apirilaren 21ean, Pic d´Arrès (2.161 m) mendia igoko dute Eth Portilhon mendatetik eta ondoren Les herrian bazkalduko dute Eva jatetxean.
Prezioak eta izen-ematea
Prezioak hurrengoak izango dira: adin txikikoek 290 euro ordaindu beharko dituzte, bazkide helduek 320 euro eta, azkenik, bazkide ez diren helduek 360 euro. Izena emateko epea martxoaren 31n amaituko da eta parte hartzeko diru-sarrera egin behar da ES27 3035 0037 44 0370007083 kontu korronte zenbakian (Laboral Kutxa). Ondoren, ordainketa-agiria indamendi1@gmail.com helbidera bidali beharko da. Indamenditik adierazi dutenez, irteera hauetan parte ahrtzeko ezinbestekoa da federatua egotea edo aseguru partikularra izatea. Informazio gehiago lor daiteke Indamendiren webgunean.