Gipuzkoa

Zumarraga: 1971ko herriarteko txapelketa irabazi zuten pilotariei omenaldia

Biain eta Plazaola, garaikurra jasotzen. Argazkia: N.G.

zumarraga – Zumarragako Udalak duela 50 urte, 1971n, herriarteko txapelketa irabazi zuten pilotariak omenduko ditu igande honetan Beloki pilotalekuan, Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finalean.

Zumarragak bi herriarteko txapelketa irabazi ditu: 1970ean eta 1971n. 1971ko finala Zarautzen jokatu zuten, Zestoaren aurka. Haur mailan Juan Mari Plazaola eta Jesus Mari Biain zumarragarrek 15 eta 16 galdu zuten Odriozola eta Egigurenen aurka. Gazte mailan, Agustin Erostarbe eta Rodrigo Gartziandia zumarragarrek 18 eta 6 irabazi zieten Odriozola eta Ibargureni. Senior mailan, berriz, Jose Luis Idiakez eta Pedro Gordo zumarragarrek 22 eta 16 irabazi zieten Martin eta Etxanizi. Talde hartako arduradunak eta entrenatzaileak Daniel Apaolaza eta Alejandro Albisua ziren.

Biharko omenaldia Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finalaren barne egingo da. Finala Azpeitiak eta Lezamak jokatuko dute. 11.00etan hasiko da. Azpeitiarrek eta lezamarrek La Salle-Legazpi ikastetxearen patioan aparkatu ahal izango dute. Pilotalekura joaterik ez dutenek, telebistan jarraitu ahal izango dute, ETB4 katean.

Etiquetas
25/07/2021