Buscar
Gipuzkoa

Zumarraga: Errepide nagusi izatetik, bulebar izatera

Txakur bat, txirrindulari bat eta oinezko bat, GI-2632ko bidegorrian.
Txakur bat, txirrindulari bat eta oinezko bat, GI-2632ko bidegorrian.

Aldundiak Beasain-Bergara autobidea Deskargako tuneleraino luzatu zuen arte, Beasaindik Bergarara zihoazen auto guztiak Zumarraga erditik pasatzen ziren. Baita ArcelorMittalera zihoazen kamioi guztiak ere. GI-632 (egun GI-2632) errepideari saihesbidea deitzen zitzaion, baina herria bitan zatitzen zuen. Beasain-Bergara autobideari eta Arcelor-Mittalen itxierari esker, askoz ere auto eta kamioi gutxiago pasatzen dira bertatik. Zumarragako Udalak bulebar bilakatu nahi du eta horretarako bidegorri bat egiten ari da. Lehen fasean Kaminpetik industrialdeko bidegurutzeraino doan zatia egin zen eta orain ospitaleko errotondaraino luzatuko da.

Luzatzea osteguneko osoko bilkuran onartu zen. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak abstentzioa eman zuten. Bidegorria 400 metro luzatuko da. Zuhaitzak jarriko dira ingurua atseginago egiteko. Bidegorri hori egiteko 343.000 euro behar dira. Mikel Serrano alkateak aldundiaren lagun-tza izatea espero duela esan zuen.

Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek eta EAJko Josu Idigorasek informazioa berandu ematea leporatu zioten. “Alderdi guztiak bulebarizazioaren alde gaude. Ez dugu proposamenak egiteko aukerarik izan, informazioa berandu jaso dugulako”.

EH Bilduko Josu Aztiriak beraiek ere egitasmoaren alde daudela esan zuen. “Baina ez dugu argi nork ordainduko duen. Aldundiak ordaintzen ez badu, Udalak bere gain hartuko al du? Bestalde, SPRI Arcelorreko plana gara-tzen ari da eta horrek eragina izango du. Horretaz gain, GI-2632 errepidean trafikoa murrizteko neurriak hartu behar direla uste dugu”.

Serranok kamioiak Urretxutik (Aparizio auzoaren goialdetik) sartzera behartuta daudela eta autobusen ordutegia ospitaleko langileen beharretara egokitu dela erantzun zion. Arcelorri dagokionez, txatarra parkearen parean errotonda bat egingo dela eta kamioiak hortik sartu beharko direla esan zuen. “Diru lagun-tzei dagokienez, errepidea Aldundiarena da eta gutxienez diruz laguntzea espero dugu”.

Azkeneko fasean ospitaleko errotondatik Eitzakora doan tartea berrituko da eta hori egiteko 1,2 milioi beharko dira.

2022-10-04T19:25:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo