Gipuzkoa

Zumarraga: La Salle-Legazpikoen jaiotza erakusketa

Gaur da ikasleek egindako lanak ikusteko azken eguna: Zumarragako kultur etxean, 9.30etik 13.30era
La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasleen jaiotza erakusketa. | ARGAZKIA: A.Z.

Urtero moduan, La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasleek jaiotza erakusketa egin dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. 25. edizio honetako jaio-tzak abenduaren 23an jarri ziren ikusgai eta erakusketa gaur itxiko dute. Zelai Ariztiko erakusketa aretoa goizez bakarrik irekiko dute: 9.30etik 13.30era. Erakusketan, jaiotzez gain, ikasleek egindako Gabonetako marrazkiak ikus daitezke.

Erakusketan 30 jaiotza daude ikusgai. Horien artean, La Salle-Legazpi ikastetxeko lehiaketan saritu dituztenak. Lehen saria Imanol Barrigak eta Markel Hernandezek irabazi dute, bigarrena Tania Esnalek, Enara Mitxelenak eta Paula Cantalapiedrak eta hirugarrena Paula Ibarzabalek, Maialen Gutierrezek eta Jone Carrerak.

Laugarren saria, berriz, hiru talderi eman diete: Udane Agirrezabal, Izan Gutierrez eta Araitz Roman; Alain Martinez eta Ibai Martinez eta Iñigo Vallejo, Asier Zafra, Adei Vegas eta Unai Garcia.

Sei jaiotza bakarrik saritu dituzte, baina guztiak dira txalogarriak. Haurrek birziklatutako materialak erabili dituzte jaiotzak egiteko (kartoia, kotoia, alanbrea, papera, artilea, egurra, harri txikiak...) eta oso gai ezberdinak landu dituzte. Jaiotza gehienetan Jesus haurra, Maria, Jose, Erregeak eta Olentzero ikus daitezke, baina Ukrainako gerra gogora-tzen duenik ere bada. Gainera, gehienetan baloreak azpimarratu dituzte.

Gainzuri ikastetxeko ikasleek ere erakusketa egingo dute urtarrilean. Hilaren 13tik aurrera, 2023ko egutegirako egindako eskulanak erakutsiko dituzte Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Aurtengo egutegia 25.a da. Gainzurikoen erakusketa hilaren 22a arte egongo da zabalik.

06/01/2023