Asteburuan buzkantzarekin egindako pintxoen lehiaketa egin zuten Zumarragan. Pintxo onenari dagokion saria Saski tabernak irabazi zuen eta pintxo orijinalenari dagokionez, berriz, Bidezar tabernak. Sei tabernak parte hartu zuten guztira: aipatutako biek eta Hirukiak, Txanponek, Urzubik eta Ziabogak. Ostiral arratsaldean eta larunbatean, zumarragarrek eta bertara hurbildu zirenek lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatzeko aukera eduki zuten. Milaka pintxo jan zituzten.
Saski tabernako pintxoa Jenny Vaca sukaldariak egin du. Emakume hau boliviarra da jaiotzez eta 23 urte daramatza Euskal Herrian. Ormaiztegin bizi da. Beti sukaldean lan egin du. Ormaiztegin jubilatuen etxeko tabernan lan egin zuen eta Elegante Eguneko pintxo lehiaketa bi aldiz irabazi zuen (2018an eta 2019an).
Zumarragako Saski tabernan hilabete eta erdi bakarrik darama eta dagoeneko sari bat irabaztea lortu du. “50 bat pintxo egin beharko genituela uste nuen eta askoz ere gehiago egin behar zirela esan zidatenean…”.
Ormaiztegiarra izanda, odolki mundua ondo ezagutzen du behintzat. “Ez nituen osagai asko erabili, buzkantzaren zaporea bereiztu zedin. Izan ere, buzkantza da lehiaketa honetako pintxoen ardatza”.
Deba odolkigileari erositako odolkiekin buzkantza bonboia egin zuen. “Buzkantza, sagar konpota, azukre beltza eta piperbeltz beltza erabili genituen. Dena ondo nahastu genuen, bolatxoak egin genituen, zuringotik eta almendra txikitutik pasa, paperezko sakitxoetan jarri eta 180 gradutara berotutako labean sartu genituen. Astebete eman nuen probak egiten eta asteburuan pintxoak maitasun handiz egin genituen. 960 pintxo inguru saldu genituen”.
Buzkantza torrada
Bidezar tabernako David Revuelta ere gustura ageri da. “Buzkantza torrada egin genuen, babarrun eta errezil sagar natillarekin eta pikillo piper moussearekin”, aipatu du.
Bidezarrekoek ere pintxo asko saldu zituzten. “700 bat pintxo egin genituen. Bezero batzuk errepikatu egin zuten. Pintxoa oso gozoa eta suabea zela esan ziguten. Izan ere, errezil sagarra erabili genuen gozoagoa eta suabeagoa egiteko eta, helburu berarekin, torrada karamelizatu egin genuen”, azaldu du Bidezarreko sukaldariak.