Gipuzkoa

Zumarraga: sei metroko zuloa egin dute Secundino Esnaolako obran

Garajeetako horma inpermeabilizatuko dute eta hoditeria berrituko dute
Secundino Esnaola 12 eta 14ko atzealdean egin duten zuloa.

Esaera zaharrak bost xentimoko pupua eta hamar xentimoko trapua dio. Txikikeria batengatik konponbide, kexa edo zalaparta handia egiten denean erabiltzen da esaera zahar hori. Zumarragako Secundino Esnaola kaleko 12 eta 14ko atzealdean ez dago erabiltzerik: trapua garestia da (sei metroko zuloa egin behar izan dute), baina pupua ere ez zen makala (zorua erortzen ari zen eta azpiko garajeetara ura sartzen zen). Lanak urtarrilaren 23an hasi ziren eta atzo Mikel Serrano alkateak obra bisitatu zuen.

Legazpiko Antio enpresa da obra egiten ari dena. Aurrekontua 516.000 eurokoa da. Lanak urtarrilaren amaieran hasi ziren eta bost hilabete irautea espero dute. Santa Isabel jaietarako amaituko dira, gutxi gorabehera.

Egunotan lanik zailena egiten ari dira. Secundino Esnaola kaleko 12 eta 14 zenbakien atzealdean zorua pitzatu egin zen, azpian jarritako materiala kalitate eskasekoa zelako. Gainera, azpiko garajeetara ura sartzen zen. Hori dela eta, Antio enpresako langileek sei metroko zuloa egin behar izan dute.

Secundino Esnaola 12 eta 14ko garajeetako horma inpermeabilizatuko dute eta, bide batez, hoditeria berrituko dute (argiteria, zuntz optikoa, euri urak, ur zikinak eta ur hornidura).

Ondoren, zuloa material egokiarekin estaliko dute eta granitozko baldosak jarriko dituzte. “Espazioa orain arte baino atseginagoa izango da. Zuhaitz berriak landatuko dira, zuhaitz zaharren sustraiek garajeetan arazoak sortu baitituzte. Berriak txikiagoak izango dira. Bertako espeziek landatuko ditugu”, azaldu zuen alkateak obrara egindako bisitan.

Urolako Trena

Bestalde, bertan jarriko diren eserleku berriek Urolako Trena omenduko dute. Izan ere, herritarrek horrenbeste maite zuten trena ondotik pasatzen zen: egun bidegorria den tokitik, hain zuzen ere. Argiteria ere berritu egingo dutela esan zuen Zumarragako alkateak.

Secundino Esnaola 12 eta 14koa obraren lehen fasea da. Bigarren fasean Ibaiondoren atzealdea zaharberrituko dute. Zumarragako Udalak Urola kalea zaharberri-tzeko asmoa ere badu. Hala, bizilagunek pasealeku bat izango dute geltokitik udaletxe ingururaino. “Helburua aisialdia eta merkatari-tza sustatzea da”, amaitu zuen alkateak.

10/02/2023