Buscar
Gipuzkoa

Zumarragak ia milioi bat euro bideratuko du dirulaguntzetara

Bederatzi ildotan banatuta, 2022an bideratutakoa baino 8,4% gehiago da
Rosa Maiza zinegotzia eta Mikel Serrano alkatea, aurkezpenean.
Rosa Maiza zinegotzia eta Mikel Serrano alkatea, aurkezpenean.

Zumarragako Udalak 2023-2025eko dirulaguntzen plan estrategikoa aurkeztu du. Aurten, ia milioi bat euro bideratuko ditu, bederatzi ildotara. Helburua, herritarren beharrei erantzutea da: premia gehien dutenei lagundu eta garapen ekonomiko jasangarria sustatu.

2019tik 2022ra 3,5 milioi bideratu dira. Diru gehien gizarte ekintzara eta berdintasunera bideratu da: ia 1,4 milioi. Garapen ekonomiko eta sozialari ia 640.000 euro bideratu zaizkio, kulturari 620.000, euskarari 280.000, kirolaren sustapenari 271.000 eta gazteen emantzipazioari 250.000.

2023an ia milioi bat euro bideratuko da dirulaguntzetara, 2022an baino %8,4 gehiago. Euskarari dagokionez, Udalak 88.400 euro banatuko ditu dirulaguntzetan (iaz baino 18.000 euro gehiago). Udalak euskara ikasteko laguntzak emango ditu eta Zintzo-Mintzo euskara elkarteari eta komunikabideei dirulaguntzak emango dizkie, besteak beste.

Gizarte ekintzari dagokionez, 382.000 euro banatuko dira. Iaz baino 70.000 euro gehiago. Elkarteei eta premia larrian dauden familiei lagunduko zaie. Horretaz gain, adineko pertsonen parte-hartzea eta integrazioa sustatuko da (jubilatuen elkarteen bitartez) eta Hirugarren Munduko egitasmoei babes ekonomikoa emango zaie.

Kultur ekintzetara ia 250.000 euro bideratuko dira (iaz baino 9.000 gehiago). Elkarteekin eta bizilagunekin elkarlanean, kalitatezko kultur eskaintza anitza eskainiko da.

Beste ildoetako baten helburua herritarren artean kirol jarduera sustatzea da. 70.000 euro bideratuko dira horretara. Iaz baino 5.000 euro gehiago.Kirol arloko elkarteei eta kirol ekitaldiak antolatzen dituztenei lagunduko zaie. Kirol eskaintza anitza, kalitatezkoa eta berritzailea izate nahi da, herritarrak kirola egitera animatzeko.

Garapen ekonomikora 132.000 euro bideratuko dira. Iaz baino 7.000 gehiago. Lehiakortasuna sustatzeko, hainbat dirulaguntza emango dira: ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten dutenei; merkatari berriei; lokal hutsak alokatu nahi dituztenei; dendak modernizatu nahi dituzten merkatariei... Horretaz gain, Bi-Tartean merkatari elkarteak eta Argixao enpresa elkarteak diru-laguntzak jasoko dituzte.

Gazteak

Udalak gazteen emantzipazioa ere sustatuko du, herritik alde egin ez dezaten. Etxebizitzak aloka-tzeko eta autoenplegurako laguntzak emango ditu. Guztira, 40.000 euro.

Bukatzeko, Zumarragako Udalak herrigunetik kanpo bizi direnei eta institutuko ikasleei garraioa eskainiko die eta ingurumenaren egoerak osasunean duen eragina iker-tzen duen proiektuari babesa emango dio.

2023-02-06T07:54:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo