Mikel Serrano alkatea eta Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua Zumarragan bizi diren ukrainarrekin elkartu ziren duela egun batzuk, bizi duen egoerari eta beraien beharrei burz hitz egiteko. Gaur egun ukrainar jatorriko 33 pertsona bizi dira Zumarragan, hamabi haur dituzten hamabi familitan banatuta. Hemengo bizimodura egokitzea lortu dute, Zumarragako Udalaren laguntzarekin.
Alkatea 2022ko martxoaren 4an elkartu zen lehenengoz ukrainarrekin, laguntza nola koordinatu aztertzeko. Handik egun batzuetara, 2022ko martxoaren 22an, Zumarragako Udalak Ukrainiaren aldeko adierazpen instituzionala egin zuen. Maiatzean bi familia heldu ziren Oñatiko aterpetxetik. Udalak bere etxebizitzak errefuxiatuen alde jarri zituen. Gaur egun gerratik ihesi etorri diren bost familia Zumarragako Udalaren beste horrenbeste etxebizitzatan bizi dira.
Alkatearekin eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziarekin egindako bileran ukrainarrek beraien bizipenen berri eman zuten. Europa ekialdeko herrialde horretatik etorritako bizilagunek beraien sufrimendua partekatu zuten.
Testigantza eman zuen bizilagunetako bat Denis da. Denisek Psikologia ikasi nahi zuen, baina 17 urterekin bere herrialdetik atera behar izan zen bere ama Svitlanarekin batera. Zumarragako Udalaren langabetuak trebatzeko egitasmoan parte hartu du eta Udal brigadan lan egiten ari da. Bere amak estetika munduan lan egiten zuen Ukrainian, baina Euskal Herrira etorri zenean ezin izan zituen bere tituluak balioztatu. Hori dela eta, hemen ere estetikan trebatu da eta dagoeneko lan egiten ari da.
Hannak bere senar Viktorri gertatutakoa azaldu zuen. Viktorri, osasun azterketa egin ondoren, gerrara joatetik salbuetsita zegoela esan zioten. Zumarragara etorri zen, lanpostu eta guzti. Baina gerra luzatu egin da eta Ukrainako gobernuak salbuetsita zeudenak ere deitu ditu. Ukrainiara itzuli behar izan da, emaztea, bi seme-alabak eta amaginarreba hemen utzita.
Tetiana Euskal Herrian bizi zen eta hiru seme-alaben bila joan zen bere jaioterrira. Bere ama ere etor-tzekoa zen, baina azken unean Ukrainian gelditzea erabaki zuen, beste hiru seme-alabak frontean zituelako.
Beste testigantza bat haurdun zegoen emaztea eta seme-alabak Ukrainian utzi zituen gizonarena izan zen. Ezkutuan itzuli zen (muga gauez zeharkatu behar izan zuen, oinez), familia ikusteko eta haur jaio berria ezagutzeko, eta ondoren berriro Ukrainiatik irten zen.
Kseniia hiru seme-alabekin eta gurasoekin etorri zen Euskal Herrira. Gurasoak bananduta zeuden eta berriro elkarrekin bizitzera ohitu behar izan dira. Ksneiia erizain laguntzaile gradua egiten ari da eta ikasketak datorren urtean amaituko ditu.
Aipatzekoa da ere udan Txernobyleko haurrak ekartzen zituzten familiek haurrak ekartzen jarraitu dutela.
Zumarragako alkateak Zumarragako Udalak ere ukrainarrei laguntzen jarraituko duela esan zuen.