Gipuzkoa

Zumarragako anbulatorioa eguneko 24 orduetan irekitzearen aldeko manifestazioa

Larunbatean egingo dute: 12.00etan abiatuko dira Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik
Igandean kontzentrazioa egin zuten Zumarragako plazan.

Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen aldeko plataformak manifestazioa deitu larunbat honetarako. 12.00etan abiatuko da, Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik.

Plataforma pandemian eratu zen, orduan utzi baizitzaion anbulatorioa egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeari. “Bi urte baino gehiago daramatzagu Zumarragako osasun zentroko larrialdiak berriro irekitzeko aldarrikatzen. Zerbitzu hori, beste asko bezala, eten egin zen covid-19aren pandemiarekin, eta herritarren lanari esker lortu zen asteburuetan eta jai egunetan egunean zehar larrialdi zerbitzua izatea. Asteko gainerako egunetan Beasaingo osasun zentrora joan behar izaten dugu, edo, kasu larrienetarako zerbitzua oztopatuz, ospitalera”, azaldu dute plataformako ordezkariek.

Galera handia

Beraien ustez, pandemia aurreko egoerara itzultzea ezinbestekoa da. “Gure iritziz, osasun zentroko larrialdi zerbitzua ixtea galera handia da gure eskualdeko pertsona guztien osasunerako, eta, ondorioz, berreskuratu egin behar dugu. Ezin dugu onartu osasun arloko zerbitzu publikoak ahultzea”.

Horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte azken bi urte hauetan: hilean bitan anbulatorioaren aurrean kontzentrazioa egiten dute eta hainbat manifestazio ere egin dituzte.

Horretaz gain, ia 8.000 sinadura bildu dituzte Zumarragako osasun zentroa asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 orduetan irekitzearen alde.

Ez dutela amore emango aurreratu dute. “Plataformak lanean jarraitzen du eskualdeko osasun publikoaren defentsan. Horregatik, eta beste ekimen batzuen artean, eskualde mailako manifestazioa deitu dugu abenduaren 17rako. 12.00etan hasiko da. Manifestazio hori jendetsua izateko ilusioz, harremanetan jartzen ari gara Urola Garaia eskualdeko gizarte eragile guztiekin, guztion onerako lan egiten duten talde eta elkarte guztiekin”.

13/12/2022