Gipuzkoa

Zumarragako azoka, bihartik aurrera plazan

Alkatea, baserritarrek erabiliko duten postu baten ondoan. | ARGAZKIA: A.Z.

Zumarragako plazako obrak amaituta daude ia, karga-jasogailua jartzea eta baserritarren gunean azken ukituak egitea falta da. Hala, plaza erabiltzeko prest da dagoeneko. Hori dela eta, larunbatetako azoka bere jatorrizko tokira itzuliko da bihar bertan.

Zumarragako azokak hainbat gorabehera izan ditu azken urteetan. 2020ko martxoan, koronabirusa heldu zenean, bertan behera gelditu zen. Zumarragako Udalak berehala berreskuratu zuen, ordea. Baina postuak herriko toki ezberdinetan sakabanatu behar izan zituen segurtasun distantzia gorde ahal izateko.

Ondoren, Udalak Euskadi plazaren zaharberritzea abian jarri zuen. Hori dela eta, Zumarragako azokako postuak Zelai Arizti parkean eta trintxeran egon dira orain arte. Plazaren zaharberritzea herriko merkataritza eta turismoa indartzeko egin da.

Oinezkoek lehentasuna

Helburu horrekin, Euskadi plaza zaharberritzeaz gain, Soraluze kalea oinezkoentzat egin da eta plaza eta Jai Alai kalea lotzen dituzten eskailerak berritu dira. Eskailera horien ondoan karga-jasogailua egiten ari dira. Martxorako prest egotea espero da. Soraluze kalea urrian inauguratu zuten eta plaza, berriz, abenduan.

Egitasmo hauek guztiek Europako Next Generation funtsen lagun-tza jaso dute. Milioi bat eurokoa, hain zuzen ere.

Horretaz guztiaz gain, Jai Alai kalea oinezkoentzeko erosoagoa eta seguruagoa egin behar da eta Legazpi kalea zaharberritu behar da. Bertan, oinezkoek lehentasuna izango dute.

Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa eman zuen atzo eguerdian, larunbatetako azoka bihar bertan Euskadi plazara itzuliko dela iragartzeko. 59 postu egongo dira guztira: 19 estalitako gunean egongo dira eta 40 estali gabekoan.

Estalitako guneko obra ez dago bukatuta oraindik. Zutabeak apaindu egingo dira, Zumarragaren historian garrantzitsuak izan diren materialekin: zumea eta altzairua, adibidez. Zutabeetako apaindurek herriarekin lotura duten gaiak erakutsiko dituzte: saskigintza, altzairugintza, Zumarragako Trikitixa, trenbidea...

Bestalde, baserritarrek postu berriak izango dituzte udaberritik aurrera (azpiko argazkian ikus daitekeen postua bezalakoak izango dira).

Bukatzeko, Klik eta Jaso egitasmoak ere armairu berriak izango ditu. Produktuak fresko mantenduko dituzte eta, hala, produktu galkorrak saltzen dituzten merkatariek ere zerbitzu hori eskaini ahal izango dute. Klik eta Jaso egitasmoan, erosleak erosketa internetez edo telefonoz egiten du eta saltzaileak produktua takilan uzten dio. Hala, hobeto datorkionean jaso dezake. Baita dendak itxita daudenean ere.

21/01/2023