Gipuzkoa

Zumarragako azokan, 10 euroren truke 20 euroko erosketa egiteko aukera

Bonuak bihar jarriko dira salgai kultur etxean eta larunbatean ere erosi ahal izango dira, udaletxe azpian
Rosa Maiza zinegotzia, aurkezpenean. | ARGAZKIA: A.Z.

Zumarragako Udalak Zuekin Azoka bonuen laugarren kanpaina jarri du abian. 10 euroren truke, 20 euroko erosketa egin ahal izango da Zumarragako azokan. 10 euroko 800 bonu jarriko dira salgai.

Zuekin Azoka bonuen funtzionamendua aurreko edizioetakoa bezalakoa izango da. Herritarrek 5 euroko lau txartel jasoko dituzte 10 euroren truke. Erosketa tiketaren zenbatekoak bonuaren zenbatekoaren berdina edo handiagoa izan beharko du, erosketa bakoitzean osorik agortu dadin. Ez da inoiz eskudirurik itzuliko.

Pertsona bakoitzak bonu bat eskuratu ahal izango du eta horretarako baldintza bakarra adinez nagusia izatea eta NAN aurkeztea izango da.

Zuekin Azoka bonuak azoka ospatu aurreko ostegunetan eta ostiraletan eta azoka egunean bertan erosi ahal izango dira. Ostegunetan eta ostiraletan kultur etxean eta larunbatetan udaletxeko arkupetan jarriko den mahaian, 9.30etik 14.30era. Bonu salmenta bihar hasiko da.

Bonuak erabiltzeko epea larunbat honetan hasiko da eta abenduaren 17a arte luzatuko da. Bonuak programari atxikitako postuetan bakarrik erabili ahal izango dira eta horiek kartel bat izango dute identifika-tzeko.

Aurkezpena

Kanpaina Rosa Maiza zinegotziak aurkeztu zuen atzo, Zelai Arizti pilotalekuko karpan. Helburua herritarrek herrian kon-tsumitzea dela aipatu zuen. Horretarako, azken urteetan beste kanpaina batzuk ere martxan jarri dira: Euskadi Bono Denda eta Bi-Tartean merkatari elkartearenak, adibidez.

Bestalde, bonu kanpaina ez da Zumarragako Udalak azoka susta-tzeko antolatu duen ekimen bakarra: Zumarragako Azoka marka sortu du, Klik eta Jaso takila jarri du azokara joaterik ez dutenek ere bertako produktuak etxera eramateko aukera izan dezaten eta azokaren irudia duten mahai zapia eta poltsak egin ditu. Gainera, plaza berritzen ari da eta karga jasogailu bat jarri behar du azokako saltzaileei lana errazteko. Plaza eta karga jasogailua urte amaierarako prest egongo dira.

06/10/2022