Azken 15 urteetan, krisi batetik irten orduko, beste batean sartu gara. Iraupen luzeko langabetuak dira okerren pasatzen ari direnak. Horiei lagun-tzeko, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak Gizarteratzeko eta Laneratzeko Proiktu Pilotuak bultzatu ditu, Next Generation funtsen laguntzekin. Erkidegoko hamabost herrik parte hartuko dute. Asteazken honetan Zumarragako proiektuaren berri eman zuten. Zumarragako Udalak iraupen luzeko hamar langabeturi formazioa eta lana emango dizkie.
Aurkezpenean, Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak, Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza zinego-tziak parte hartu zuten. Alfonso Gurpegi Enplegu sailburuordea ere bertan izan zen.
Zumarragako Aukerak Eraikiz egitasmoaren berri Maizak eman zuen. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edota Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen ari diren iraupen luzeko hamar lagunek bi hilabeteko formazioa jasoko dute eta ondoren hamar hilabetez lan egingo dute. Hamar hilabete horietan Zumarragako udaltzaingoaren bulegoa eta aldagelak berrituko dituzte.
Ikastaroak
Hamar lagun horietako batzuk iturgintzarekin, aire girotuarekin eta berogailuekin zerikusia duen formazioa jasoko dute eta besteek eraikuntza munduan egiten diren estaldura lanekin zerikusia duen formazioa.
Guztiei profesionaltasuna agiria emango diete amaitzen dutenean. Ikastaroa datorren astelehenean hasiko dute.
Beste hamar laguni ere jarraipena egingo diete. Jarraipen horren helburua proiektuan parte hartu dutenen eta parte hartu ez dutenen bilakaera aztertzea da. Beste hiru bizilagun ere hautatu dituzte, ordezko bezala. Aipatutako 23 zumarragar horietatik, 20 gizonezkoak dira eta hiru emakumezkoak.
Egitasmo hau aurrera ateratzeko, Zumarragako Udalak Lanbideren laguntza izango du. Aurrekontua 282.000 eurokoa da eta udalak Next Generation funtsen 236.000 euroko laguntza jasoko du.