Buscar
Gipuzkoa

Zumarragako Trikitixari omenaldia egin zioten atzo Zumarragan

Migel, Inixio, Kepa eta Sebe, atzoko omenaldian. Argazkia: A.Z.
Migel, Inixio, Kepa eta Sebe, atzoko omenaldian. Argazkia: A.Z.

zumarraga – Zumarragako Trikitixak 100 urte bete zituen iaz, baina pandemia zela eta, ezin izan zen mendeurrena behar bezala ospatu. Omenaldi jaialdia atzo egin zuten, urtebeteko atzerapenarekin.

Ekitaldia Zelai Arizti aretoan izan zen. Ikigai taldeak, Laja eta Lutxurdiok, Gari eta Iñakik, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizarrek, Xabi Aburruzagak eta Amak taldeak jo zuten eta, ondoren, Zumarragako Trikitixako kideak omendu zituzten.

Zumarragako Trikitixa Joxe Oriak sortu zuen 1920an. Oria 1946an hil zen eta taldea Joxe, Inixio, Sebe eta Migel iloben esku utzi zuen. Egun, Migelek, bere seme Kepak eta bere iloba Mikelek osatzen dute. Mikelek ezin izan zuen atzoko ekitaldian egon. Omenaldian, Migelek, Kepak, Inixiok eta Sebek parte hartu zuten. Alkateak herriaren izena zabaltzeagatik eta horrenbeste une gozo oparitzeagatik eskerrak eman zizkien. Mendeurrena Santa Isabel egunean ospatu beharko litzateke, baina pandemiak jaia bigarrengoz bertan behera uztera behartu du. Alkateak datorren urteko Santa Isabel egunean zerbait egingo dela aurreratu zuen.

Trikitilarien izenean Kepak hitz egin zuen. "Guretzako beti sekulako ohorea izan da Zumarragaren izena Euskal Herri osora eramatea. Gure herrian horrelako omenaldia jaso-tzeak bihotza poztu digu". Bukatzeko, pieza bat jo zuten, noski.

2021-06-21T09:37:05+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo