Gipuzkoa

Zumarragako txistularien jaialdia

Musikariak, asteleheneko entseguan. Argazkia: A.Z.

zumarraga – Antxiñako Ama txistulari taldeak gaur egingo du abenduan atzeratu behar izan zuen kon-tzertua. Ikuskizuna 19.30ean izango da, Beloki pilotalekuan.

Urtero bezala, dozenaka artistek parte hartuko dute: Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako txistulariek, Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek, Irrintzi eta Lurra dantza taldeek, Gorobel metal boskoteak, Maddi eta Garazi Martin abeslariek, Mikel Alustiza abeslariak, Uxue Kerejeta abeslari eta panderojoleak, Kike Mora baxu-jotzaileak, Carlos Sagi perkusio-jotzaileak, Dani Tomas gitarra-jotzaileak, Arantzazu Mujika biolinistak, Javier Arratibel pianistak eta Edurne Iturbe trikitilariak. Maria Jesus Arratibelek zuzenduko du kontzertua.

Aitor Goia eta Josu Perezek emanaldia beraien argazkiekin edertuko dute. Aurkezle lanetan Larraitz Urrestilla eta Joanes Segurola arituko dira. Sarrera librea izango da, pilotalekua bete arte.

Musikariek Korrontzi (Aupa Maurizia), Julen Alonso (Bizigoza), Sorotan Bele (Atalaia eta Uxo zuria), Kepa Junkera (Fandangoa eta Maume), Huntza (Iñundik iñoare eta Deabruak gara), Etxahun Iruri (Ai zer plazerra), Iñaki Eizmendi (Ene maitia nauzu), Ostolaza eta Unsain (Zazpiak oihal batetik), Bulego (Kantu bat) eta En Tol Sarmientoren (Aukera berriak) kantak joko dituzte.

Kontzertuari Aukera berriak izena eman diote. "Pandemian kulturak jasandako alderdi ilunak baztertu eta argitasunera bidaiatu nahi dugu", diote txistulari taldekoek.

Kontzertuan Zumarragako Trikitixari keinu txiki bat egingo diote, euren 100. urteurrena dela eta. "Zumarragako Trikitixari esker, musikaren transmisio kate luze bat eman da. Beti eutsi izan diote trikitia egiteko berezko moldeari eta horregatik, kulturaren adierazle nagusiak izan dira".

10/04/2022