Zumarragako Udalak 147.000 euro gehiago ordaindu beharko dio Moyuak eta Matiak osatutako Gerozerlan enpresari. Auzia geriatriko berria egin zen garaitik dator.
Garai hartran Zumarragako alkatea zen Anton Arbuluk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatu zuen eta horren arabera Udalak geriatriko berriaren inguruko urbanizazioa ordaindu behar zuen, apartamentu tutelatuen obratik lortutako diruarekin. Baina krisia iritsi zen, apartamentuak ez ziren egin eta Udalak ez zion urbanizazioa ordaindu Gerozerlani.
Honek Zumarragako Udala epaitegietara eraman zuen. Ordurako Mikel Serrano zen Zumarragako alkatea. Udalak Arbuluk sinatutako hitzarmenaren berri ez zuela alegatu zuen (hitzarmena ez zen osoko bilkuratik pasa) eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Udalari arrazoia eman zion. Baina Gerozerlanek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen eta honek Gerozerlani arrazoia eman zion. Hala, Udalak urbanizazioari zegozkion 322.000 euroak ordaindu zituen.
Interesei dagokienez, Gerozerlanekin negoziatzen saiatu zen: bere jabegoko lokal bat eskaini zion, eguneko zentroa herrira gerturatzeko. Azkenean, Udalak interesak ere dirutan ordaindu beharko ditu: aipatutako 147.000 euroak, hain zuzen ere.
Mikel Serrano alkateak horren berri eman zuen astearteko osoko bilkuran. “Gerozerlanek beraien helburua ez zela dirua irabaztea esan zigun eta hainbat lokalen alokairua doan eskaini genien, beraiek kudeatzen duten eguneko zentroa herrigunera gerturatzeko eta zorra kitatzeko. Baina azkenean ordaindu egin behar dela esan digute. 2005ean egin zena ez da egokia eta ni alkate naizenetik ez da halakorik egin. Zumarragako Europa Batasuneko Next Generation funtsak beste inora baino lehenago heldu dira eta hori gauzak ondo egiten ditugulako da”.
EH Bilduko Aritz Elgarrestak “gardentasun falta” salatu zuen. “Sententzia 2023ko udal hauteskundeen aurretik izan zen eta guk ondoren jakin genuen. Oso minduta gaude”.
Astearteko osoko bilkuran Eitzagako ibarraren duintzearen berri ere eman zen. Antio hiribideko etxebizitzetako batzuen atzealdeak eraitsi egin dituzte eta lurpean dagoen erreka azalera atera behar dute. Lan horien ardura Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta ekainerako amaituko du. Ondoren, Zumarragako Udalak urbanizazio lanak egingo ditu. Parke bat egingo du. Bertan, besteak beste, saskigintzaren oroimenezko elementuak jarriko dituzte. Izan ere, saskigintza Zumarragako lehen industria izan zen eta Eitzagan izan zuen bere jatorria. Osoko bilkuran bigarren fase horren kontratazio espedientea onartu zen. Egitasmoaren aurrekontua 820.000 eurokoa da eta Aldundiak 500.000 euro jarri ditu.
PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen. “Proiektuarekin ados gaude. Inguru hura biziberritu beharra dago, baina ez dugu ekarpenak egiteko aukerarik izan”, esan zuen Elgarrestak. Serranok ekarpenak egiteko denbora izan duela erantzun zien.