Gipuzkoa

Zumarragako Udalak bake epaile berria lortzeko deialdia egin du

Jose Angel Igarzabalek 51 urte bete behar ditu karguan eta erretiroa hartzeko asmoa azaldu du
Jose Angel Igarzabal bake epailea, iazko martxoan. | ARGAZKIA: A.Z.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak Zumarragako bake epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko deialdia argitaratu zuen urtarrilaren 23an. Eskaerak Zumarragako Udalaren Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira. Ostirala da horretarako azken eguna.

Zumarragako bake epailea izateko, hainbat baldintza bete behar dira: udalerrian bizi behar da (Justiziako Epaitegi Gorenak arrazoi sendoengatik beste herri batean bizitzeko baimena ematen ez badio behintzat) eta 18 urte beterik izan behar dira.

Abokatuek, prokuradoreek, kargu politikoak edo sindikalak dituztenek, funtzionarioek eta administrazioetako langileek ezin dute bake epaile izan (irakaskuntzan edo lege ikerketan aritzen direnak ez ezik).

Epe barruan aurkeztutako eskabideak Zumarragako Udalaren osoko bilkurak aztertuko ditu eta interesdunen artean deialdiko lanpostua betetzeko pertsona egokia aukeratuko da, gehiengo osoz.

Bake epailearen zereginak epailearen erabakiak jakinaraztea, deklarazioak hartzea, erregistro zibilaz arduratzea (ezkontza zibilak barne), adiskidetze-ekitaldiak eta 90 eurotik beherako epaiketa zibilak dira.

Jose Angel Igarzabalek mende erdi baino gehiago darama bake epaile karguan eta erretiroa har-tzeko asmoa azaldu du. Uztailean omenaldia egin zioten.

22/02/2023