Gipuzkoa

Zumartek bere 40. urteurrena ospatuko du

Asteazkenean hasiko da Soinurbil zikloa eta Euskal HerrikoTrikitixa Eskolaren mendi erdia oroituko da
Zumarte musika eskolaren eraikina
Zumarte musika eskolaren eraikina / N.G.

Actualizado hace 8 minutos

Asteazkenean hasiko da Zumarte musika eskolak, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, antolatzen duen Soinurbil musika astea. XXI. edizioa du aurten, eta martxoaren 30era bitartean izango da. Hortaz, musikaz hainbat eratara gozatzeko aukera izango da, aretoetan zein kalean, Usurbilgo kaxkoan bezala, baita Kalezarren eta Aginagan ere.

Musika eskolaren 40. urteurrena

Azpimarratu dutenez, 2025ean 40 urte beteko ditu Zumarte musika eskolak, eta ibilbide luzean pilatutako ikastaro, emanaldi eta bizipenak oroitu eta omentzeko ekitaldi ugari izango dira. Kontzertu eta emanaldiez gain, Janela argazki erakusketa eta bisita gidatuak, Olatz Salvadorren eta Jokin Pinatxoren (Janus Lester) arteko solasaldia eta Euskal Herriko Trikitilari Elkartearen sorreraren 50. urteurreneko ekitaldia antolatu dituzte.

Gorka Urbizuren unibertsoa

Argazki erakusketari dagokionez, martxoaren 14tik 30era egongo da ikusgai Sutegiko erakusketa gelan. Janela, leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira erakusketak Ibai Arrieta del Pico argazkilari usurbildarrak Gorka Urbizuren Hasiera bat lanaren (2024) grabaketa prozesuan eta lehen kontzertuetako une berezi eta intimoetan egindako argazkiak plazaratuko ditu.

“Erakusketa honetan leiho txiki bat zabaltzeko proposamena egiten da, kantuaren muinerako bidaian aurkitzen den musikariaren barne mundura gerturatzeko gonbidapena”, azaldu dute.

Erakusketaren inaugurazioa martxoaren 14an izango da 18.30ean eta, gainera, bisita gidatuak izango dira martxoaren 15ean (12.00), 21ean (18.30) eta martxoaren 28an (18.30). Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da usurbilkultura.eus helbidean.

Gainontzeko egunetan erakusketaren ordutegia honakoa izango da: ostegun eta ostiraletan, 17.30etik 20.00etara eta larunbat eta igandeetan, 11.30etik 14.00etara eta 17.30etik 20.00etara.

Trikitilarien Elkartea

Bestalde, arestian aipatu den moduan, nabarmentzeko den beste ekimen bat Euskal Herriko Trikitilari Elkartearen sorreraren 50. urteurrenaren ospakizuna da. 1972an Usurbilen egindako Trikitixa Egunak erein zuen hazia Euskal Herriko Trikitixa Elkartea sortzeko. Egun horretatik lanean dihardu elkarteak, eta 50 urte bete dituen honetan, historia guztia biltzen duen liburua idatzi dute Laxaro Azkunek eta Haritz Garmendiak. Martxoaren 22an 12.00etan Sutegin, liburuaren xehetasunak eta bertako pasarteak kontatuko dituzte.

Martxoaren 8aren harira

Gainontzeko ekitaldiei dagokienez, asteazkenean 19.00etan Kalezarko ermitan Zumarteko abesbatzak eta kantuko ikasleek Martxoaren 8ko kontzertu berezia eskainiko dute, emakumeek konposaturiko musikarekin.

Hilaren 12an, Usurbilgo organoa gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango da, Joan Luis Atxegaren eskutik.

16an Suhar abesbatzak kontzertua eskainiko du Salbatore elizan. Euskal Herri osoko ia 40 abeslarik osatzen dute Suhar.

Musika eskolen trukea

Martxoaren 19an Hondarribiko musika eskolak emanaldia eskainiko du egindako trukeari esker. Sarrerak musika eskolan eskuratu behar dira.

Zumarteko talde instrumentalen kontzertua, Trintxerpeko musika banda eta Olatz Salvador eta Jokin Pinatxoren solasaldia izango dira azkeneko ekitaldiak.

2025-03-04T20:51:28+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo