Adiskidetasunari eta salbazioari omenaldia eginez, 'Ekografiak' diskoa aurkeztu berri du Asier Serrano eta Mikel Gorosabalek osatzen duten Lorelei taldeak. Antxon Sarasua eta Loiola Madera musikariekin batera sortu eta Elkar argitaletxearen babesean kaleratu du taldeak lana. Urriaren 14an aurkeztu zuten Donostian.
Taldeak 1997an argitaratu zuten bere lehenengo diskoa: 'Bada hiri gorri bat'. Eta 1999an bigarrena: 'Tatuatu zenidan zerua', biak Gaztelupeko Hotsak euskal diskoetxearen eskutik. Hainbat kontzertu eskaini ostean, eszenatokitik jaistea erabaki zuten. Ez betiko, ordea, 25 urte igaro ostean gogotsu ekin baitiote berriz ere musikari lanari, hala, euren hirugarren lana kaleratuz.
Orain hiru urte elkartu ziren Lorelei taldeko kideak, kontzertu bira bat eskaintzeko asmoz. Izan ere, Lorelei orain dela 22 urte lurperatu bazuten ere, bizirik lurperatu zutela kontatu dute, eta garaia zela lurpetik ateratzeko. 2020an hasitako osasun larrialdiak eta horrek ekarritako itxialdi eta ondorioen eraginez, aldiz, bertan behera utzi behar izan zuten dena. Garai hartan, ebakuntza bat egin zioten Serranori eta, ondorioz, "ezertarako gogorik gabe" gelditu zela azaldu du. Mikel Gorosabelek disko berri bat sortu eta grabatzea proposatu zion orduan, eta lehenengo kanta gogo edo ilusio handirik gabe egiten hasi zen arren, astebetera beste zazpi idaztea lortu zuela esan du Serranok: "Disko honek eta Mikelen eskuzabaltasunak salbatu ninduten". Izan ere, sorkuntzak, kulturak eta arteak doai baltsamikoa dutela azaldu du.
EKOGRAFIAK
Bi musikarien ohiko pop-rock lirikoa nabarmena da kaleratu berri duten lan honetan ere. Dena den, kontraste handiko diskoa dela adierazi dute. Diotenez, gauza pertsonalez hitz egiten dute kantuek: norberaren minak, iragana, oihuak… Hortaz, abestietako hitzak hasiera batean pertsonalak badira ere, aldi berean oso kolektiboak direla aipatu du Serranok. "Mina norberarena den arren, denok sentitu dugun zerbait baita".
Horrez gain, lan honen bidez entzuleari "nostalgia" oparituko diotela esan dute, beren hitzetan: "Iraganera bueltatzea, maitale ahaztu bati berriro ere musu bat ematea eta berriro saiatzea, gure gorputz hauekin, larrua jotzen iraganeko maitale horrekin, iraganeko Lorelei horrekin".
Guztira hamar kantuz osatuta dago 'Ekografiak' izeneko lan berria: Egin arraun, Non zabiltza, Kristalezko oihana, Erre da hiri gorria, Bi herensuge, Ekografiak, Ipar haizea, Ilargiaren etorbidea, Uso beltz migrariak eta Gorpua. Izenburuari dagokionez, diskoa norberaren ekografiaren irakurketa dela azaldu dute taldekideek. Diotenez, ekografoek baino ez omen dakite irakurtzen edo identifikatzen zer den pazienteari gertatzen zaiona eta bere barne munduan duena. Kontrara, gaineratu dute "norbera dela bere barne mugimenduen eta barne sentimenduen irakurlerik abilena".
Hortaz, disko honetan, zuri-beltzean ikusi arren koloredunak izan daitezkeen ekografien eredua hartu eta zuri-beltzezko minak koloreztatzen saiatu direla azaldu du Serranok. Harenak dira abestien hitzak, eta Gorosabel arduratu da melodiak sortzeaz. Azken honek adierazitakoaren arabera, Serranoren hitzak "ederrak" dira, eta kantua bera motibatzen duten letrak dira: "Kantu batek bi aldeak behar ditu, bai musika eta baita hitza ere. Oso garrantzitsuak dira biak. Doinu polit bat letra ez hain politarekin ez da enkantadorea gelditzen. Eta alderantziz, berdin. Horretan oso harreman arina izan dugu eta oso erraz egin dugu lan. Badirudi ez direla urteak pasatu".
Loreleitarrek Elkar estudioan grabatu dute lana, Victor Sanchez soinu teknikariaren laguntzaz. Diskoaren diseinuari ere garrantzi berezia eman nahi izan diotela azaldu dute, eta horretaz arduratu da Nagore Martinez, koloreak nabarmenduz.
ZUZENEKO KONTZERTUAK
Musikariek diotenez, bada momentua eszenatokietara bueltatzeko eta jendeari egiten dakitena oparitzeko. Hortaz, diskoa aurkeztu ostean zuzenekoak eskaintzen hasi nahi dutela adierazi dute, gutxi gorabehera abendu-urtarrilean izango da hori. Kontzertuetan, azken lanean bildutako kantuez gain, aurretik kaleratutako abesti zaharrak entzuteko aukera egongo dela aurreratu dute, eta bereziki gogotsu eta ilusio handiz daudela berriz ere oholtzetara igotzeko. Izan ere, zuzenekoetara bueltatzeko arrazoi bat bezala ere planteatu dute diskoa.